Gerra Hotza

Gerra Hotzaren garaiko egoera politikoaren mapa sinplifikatua (1960 inguru).
1945-1990 Gerra Hotzaren gune nagusiak.[1]

Gerra Hotza Bigarren Mundu Gerraren ondoren Estatu Batuak eta Sobietar Batasunak buru zituzten bi herrialde taldek bizitako tentsio garaiari deritzo. Bi modelo ekonomiko, sozial eta politikoren arteko gatazka izan zen, baita Europak munduan galdu berri zuen nagusitasunarengatik ere. Aliatuen arteko tentsioa gerra bukatu aurretik hasia zen eta 1991. urtean Sobietar Batasuna erori arte iraun zuen.

Bigarren Mundu Gerran lagun izan baziren ere, AEBak eta SESB ez ziren bata besteaz fido. Aliantza bai, baina mesfidantza ere bai. Gerra amaitu zenean, tentsioa begibistan zegoen eta Potsdam, Teheran eta Jaltan behin eta berriro ikusi zen Winston Churchill eta Harry S.Trumanek ez zutela begi onez ikusten Iosif Stalinen Sobietar Batasuna.

Estatu Batuek kapitalismoaren defentsa sutsua egiten zuten eta demokrazia eta askatasunaren ordezkari kontsideratzen ziren. Sobietar Batasunak, berriz, sozialismoa eta justizia soziala denfendatzen zuen, burgesiaren kontra eta gizartearen arazoak konpondu nahian.

Bi erraldoi horien erdian, Europa eta Asia bi bloketan banatu ziren. Mundu guztian ibili ziren bi potentziak aliatu bila eta AEBek Europa Mendebaldea, Ozeania eta Amerika bereganatu zituzten, Kuba edo Nikaragua bezalako kasu isolatuak salbu. SESBak, aldiz, Ekialdeko Europan lortu zituen lagunak eta Ipar Korea ere bai.

Bi potentzia nagusiak ez ziren inoiz gerra batean aurrez aurre elkarren aurka borrokatu, zenbait alditan gertu egon ziren arren, eta guda nuklearrarekiko beldurra handia izan zen arren. Hala ere, Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak euren aliatuak erabili zituzten, borroka militarra aurrera eramateko.

Gerra Hotza 1991n amaitu zen; hala ere, haren ondoriozko gatazka batzuek diraute gaur egun oraindik ere, Korea haietako bat da. Ipar Korean erregimen komunista dago, sobietar estalinismoaren eta txinatar maoismoaren oinordekoa. Erregimen politiko horri buruz, lehen erregimen dinastiko komunista dela esaten da. Kim Il-sungek 1945etik 1994ra agindu zuen, eta hil zenean (1994), haren seme Kim Jong-ilek boterea eskuratu zuen eta hura 2011n zendu zenean, biloba Kim Jong-unek.

Gatazkarik ezagunenetakoa Kubako misilen krisia da: hartaz, film eta liburu ugari egin dira. Bi aste soilik iraun zuen, baina momentu horretan tentsio ikaragarri handia egon zen eta Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna gerra nuklear bat hasteko oso gertu egon zirela esaten da.

  1. Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search